Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2021eko otsailak 09Donostiako Campusa

Deustuk Larramendi eraikin berria estreinatu dut, Donostiako campusean

Fisioterapiako graduko, Fisioterapia eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradu bikoitzeko, Lehen Hezkuntzako graduko eta Lehen Hezkuntza eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradu bikoitzeko ikasleek bigarren seihilekoko eskolak Manuel Larramendi eraikin berrian hasi dituzte, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean.

Eraikin berriak Manuel Larramendi XVIII. mendeko jesuita gipuzkoarraren izena darama; filologoa eta historialaria zen, euskararen eta euskal kulturaren bultzatzailea. Erabilera askotako eraikin modernoak Deustuk jakintza arlo berrien alde egin duen apustuari erantzuten dio. Guztira 12.000 m²-ko azalera duela (ia erdia sestra azpitik), Larramendi eraikinak campusari instalazio modernoak emango dizkio irakaskuntza eta ikerketa jarduera garatzeko, unibertsitatearen eraldaketa digitala erraztuko du, campuseko bizitza sendotuko du, eta gizartearekiko harremanetan zedarri izango da, elkarlanerako aukera berriak ekarriko baititu.

Larramendi eraikinak campusari egiten dion ekarpena hiru ardatzen inguruan egituratzen da. Hain zuzen ere, ardatz bakoitzak eraikinaren zati bat hartzen du:

- Ikasteko eta Ikertzeko Baliabideen Zentro-IIBZ moderno bat, liburutegiko azpiegitura eta ekipamendu berriak dituena.
- Ikasgela eta irakaskuntzako ekipamendu berriak, titulazio berrien beharrei erantzuteko.
- Kirol instalazioak eta punta-puntako laborategiak, Fisioterapiako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako titulazioek edo etorkizuneko beste zenbaitek sortu dituzten beharrei aurre egiteko.

Hiru ardatz horiez gainera, eraikinak espazio berriak ekarriko ditu elkarrekin egoteko eta askotariko erabileretarako -erakusketa eremua, terraza, etab., eta, horien artean, Foro aretoa-, dimentsio ertaineko jarduerak eta ekitaldiak antolatzeko. Azpiegitura horiek unibertsitateari aukera emango diote bere proiekzio publikoa indartzeko eta gizarteko eragileekin elkarlanean aritzeko.

Liburutegia - IIBZ

Ikasteko eta ikertzeko Baliabideen Zentroak (IIBZ) ikerketa, ikaskuntza eta etengabeko prestakuntza errazten ditu, berrikuntza pedagogikoa bultzatuz. Baina, horrekin batera, gizarte eragileak, enpresaburuak, langileak edo zuzendariak ere bertara erakarri nahi ditu, unibertsitate munduarekin elkarlanean, gure ingurunearen garapen ekonomikoa bultza dezaten, jakintza, berrikuntza eta konektagarritasuneko espazio berri honetatik.
Donostiako campuseko IIBZk azken belaunaldiko liburutegi baten zerbitzuak eskaintzen ditu:

-Funtsak: 20.000 liburu edonork eskuratzeko eta 140.000 liburu gordailuan
-Ikasteko aretoak (banakako 220 toki), irakurketakoak, prestakuntzakoak eta erakusketetakoak.
-Talde lanerako aretoak (21).
-Atsedenerako eremua.
-Bulegoak eta laguntza zerbitzuak.
-Zirkulazio eta informazio mahaia.
-Ikertzaileentzako espazioa, lanerako eta bileretako gelak dituena.

Ikasgela eta ekipamendu berriak

Donostiako campuseko prestakuntza eskaintza zabaltzeak eta jakintza arlo berrietara irekitzeak irakaskuntzako azpiegitura eta ekipamendu berrien beharra ekarri du. 2013-2014 ikasturteaz geroztik, campusean gradu eta titulu bikoitz berri hauek eskaintzen dira: Zuzenbidea + Komunikazioa (2014-2015), Gizarte Hezkuntza + Gizarte Lana (2015-2016), Lehen Hezkuntza: Entzumena eta Mintzaira eta Kirol Hezkuntza aipamenak (2013-2014), Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza + International Management Skills (2014-2015), Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza + Digital Business Skills (2017-2018), Lehen Hezkuntza + Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak (2014-2015), Fisioterapia (2020-2021), Fisioterapia + Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak (2020-2021).
Larramendi eraikineko 13 ikasgela berriek guztira 1.000 ikasle hartu ahal izango dituzte eta ikasketa berri horien beharrak estaltzeko aukera emango dute. Bereziki, ikasgela horietan ikasiko dute Fisioterapiako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako arloko ikasleek, gaur egun maila bakoitzeko 120.

Ohiko irakaskuntza jardunerako ikasgelez gainera, Larramendi eraikinak campuseko bizitzarako beste espazio batzuk ere eskaintzen ditu. Aparteko aipamena merezi du Foro aretoak: espazio moldaerraza, altzari mugikorrak dituena, soinu eta pantaila digitalez hornitua, tamaina ertaineko –200 pertsona inguru– prestakuntza, gizarte eta erakunde ekitaldiak hartzeko, askotariko formatuetan.

Kirol eta prestakuntza instalazioak kirolaren zientzien eta osasunaren arloetarako
Donostiako campuseko Fisioterapiako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako titulazio berriak Deustuko Unibertsitateak bere hezkuntza eskaintza beste jakintza eta jarduera esparru batzuetara zabaltzeko egin duen apustuaren ondorio dira, kasu honetan, Osasunaren eta jarduera fisikoaren etorkizun handiko esparruan. Behar berri horiei erantzuteko, Larramendi eraikinak ekipamendu modernoko instalazioak ditu, prestakuntza metodologia berritzaileak erabiltzeko.

-Ospitale birtuala, kontsulta eremua, gimnasio terapeutikoa, ospitalizazio eremua eta ZIU-Zainketa Intentsiboko Unitatea dituena.
-Biomekanikako eta Neurozientzietako, Fisiologiako, eta Anatomia eta Natur Zientzietako laborategiak.
-Ikasgela teoriko-praktikoak, tresna espezializatuez hornituak.
-Hainbat mota eta dimentsiotako gimnasioak: jarduera fisikoetarako, tatami gimnasioa eta fitness eremua.
-Kiroldegia: kirol kantxa zabala, harmailak eta bestelako zerbitzu osagarriak ere badituena.

Eraikin berriaren inaugurazioa osasun egoerak ahalbidetzen duenean egingo da.

Informazio gehiago