Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2018ko martxoak 16Bilbo

Droga-menpekotasunen Deustuko Institutuak, Bizkaiko Gurutze Gorriak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Gizarte mailako Kalteberatasunari buruzko II. txostena aurkeztu dute

Martxoaren 16an, Bizkaiko Gurutzen Gorriak gizarte esparruan egin dituen esku hartzeen emaitzak eta datuak aurkeztu zituen Unibertsitatean. Gizarte kalteberatasun egoerari buruzko II. txosten hori Droga-menpekotasunen Deustuko Institutuak egin du, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesaz; eta boluntariotzako, prestakuntzako, praktiketako eta ikerketako baterako jarduerak burutzen elkar hartuta jokatzeko, Gurutze Gorriak eta Deustuk sinatuta duten hitzarmenaren barruan kokaturik dago.

Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasuna sustatzeko foru diputatu Teresa Laespadak zera azpimarratu zuen aurkezpenean: “Pertsona askoren pobrezia eta bazterketa, kalteberatasuna eta sufrimendua pertsona horien arazoa da, eurek jasaten dutelako. Baina gizarte osoaren arazoa ere bada. Arduradun politiko naizen aldetik hala egiten diot aurre. Halako ikerketek lagundu egiten digute gure politikak eta inbertsioak hobetzen eta inklusioaren alde hobeto bideratzen”. Javier Zárragak, Bizkaiko Gurutze Gorriaren presidenteak, gogoratu du garrantzi handia duela “gizarte egoera sakon eta zientifikoki ezagutzeak, egoerarik ahulenean dauden taldeen beharrizanei hobeto erantzuteko”. Manuel Gónzalez de Audikanak, Droga-menpekotasunen Deustuko Institutuko zuzendariak, azpimarratu du “pobrezia galera ekonomikotik eta ondasunetara iristeko mugatik harantzagoko kontua” dela, “autokontzeptuaren aldetik hondatzea, norbere bizitzari buruzko erabakiak hartzea zailtzea eta gaixotasunekin lotzea edo gaixotasunak larritzea dakarrelako”.

Ikerlana puntu honetatik abiatzen da: Gurutze Gorrira arreta bila jotzen duten pertsonek gizarte arloan zailtasunen bat, gabeziaren bat edo laguntza beharren bat dute. Hortaz, esan daiteke kalteberatasun egoera batetik abiatzen direla, neurrizkoa bada ere. Kontzeptuari erreparatzen badiogu, gizarte mailako kalteberatasuna integrazioaren eta bazterketaren bitartean kokatuta dago, muga hori lausoa, zehazten zaila bada ere. Ohiko gizarte babeseko mekanismoen hauskortasuna sentitzen dute edo ez dagoela halako mekanismoren bat eta luzatu egiten dela egoera. Barruan sartzen dira, halaber, babeseko mekanismorik ia ez dutela adierazten duten pertsonak eta gizartean baztertuta daudenak.

Gizarte mailako Kalteberatasunari buruzko II. txostenaren helburu nagusia da Gurutze Gorrira jotzen duten pertsonen diagnostikoa egitea eta Bizkaiko gizarte mailako kalteberatasunari eta egoera horretan dauden pertsonei buruzko ikerketa egin eta zabalkunde zientifikoa egitea.

Helduen taldeari buruzko ondorio nagusienak

Txostena 7.142 pertsona helduren datuekin egin da. Kopuru hori izan zen Bizkaiko Gurutze Gorrira laguntza eske joan eta gizartean esku hartzeko arloan arreta jaso zutenak.

Pertsona artatuen artean, gehiago izan dira emakumeak (% 55,8), 2013an baino gehiago; baina ez dira Estatuko gainerako lurraldeetan adina izan. “Kalteberatasun egoera muturrekoan dauden pertsonen programan" da agerikoago emakumeen kopuru handiagoa.

Bizkaiko Gurutze Gorriak 2014an artatu duen pertsonaren profila honelakoa da: emakumezkoa, lan egiteko adinean dagoena, batez beste 47 urte ingurukoa; erdiak bertokoak dira eta beste erdiak, atzerritarrak, batez ere Magrebetik eta Latinoamerikatik etorritakoak. Normalean bikotearekin edo ezkontidearekin bizi dira. Prestakuntza era askotakoa da, baina % 52,4k bigarren hezkuntzako ikasketak ditu.

Egindako gizarte esku hartzean ikusten da zein programa diren nagusi: “Kalteberatasun egoera larrikoak”, “Immigratzaileak eta errefuxiatuak” eta “Pertsona nagusiak”; eta erabiltzailerik gehienek berariazko prestazio bat edo bi jasotzen dituzte.

Kalteberatasun esparruei begira (ekonomikoa, soziala, ingurukoa/etxebizitza, familiakoa eta pertsonala), Bizkaiko Gurutzen Gorriaren arreta eskatu duten pertsonen % 67,5ek arrisku ekonomikoak ditu; % 54,8k, inguru arriskuak ditu (pobrezia energetikoa); % 47,3k, familiako zailtasunak ditu (menpekotasun egoeran dauden pertsonak dituzte euren ardurapean); % 33,6k, arrisku pertsonalak ditu; eta % 21,4k, arrisku sozialak ditu.

Gizarte mailako Kalteberatasuneko Adierazle Globalak bost tipologiatan sailkatzen du kalteberatasuna: nabarmena, altua, oso altua eta muturrekoa. Bizkaiko Gurutze Gorriak 2014an artatu dituen pertsonak honela egongo lirateke banatuta: % 75,4k kalteberatasun nabarmena izango lukete; % 10,9k, “altua”; % 10,9k, “oso altua”; eta % 2,9k, “muturrekoa”.

Artatutako pertsonarik gehienek kalteberatasuneko lehenengo kategorian ikusten dute euren burua sailkatuta, aurreko urteko datuetan ageri zen bezala. Hala ere, muturreko kalteberatasun egoeran daudenen taldea bikoiztu egin da 2013koekin konparatuta eta Estatuko maiztasun erlatiboaren gainetik kokatu da.

Hori gerta daiteke EAEn diru-sarrerak bermatzeko errenta dagoelako, baita beste laguntza batzuk ere, etxebizitzarako prestazio osagarria esaterako, hiru urte erroldatuta daramatenentzat. Horrek guztiak arindu egiten du pertsona horien muturreko kalteberatasuna eta laguntzak eskatzen dituztenak babes programak eskatzeko modurik ez dutenak izan ohi dira.

Pertsona artatuen kalteberatasuna ezaugarri soziodemografikoak kontuan harturik aztertzean, agerian geratzen da lotura dagoela gizon edo emakume izatearen eta baztertzeko arriskuaren artean. Emakumeak maizago agertzen dira lehenengo arrisku maila bietan; gizonek, ordea, kalteberatasun mailarik altuenetan ageri dira, arriskurik handieneko bi taldeetan ere bai: “etxerik gabe” eta “diru-sarrerarik gabeetan”.

Adina eta kalteberatasuna alderantziz proportzionalak dira artatutakoen artean. Egiaztatu da, taldeari begira, neska adingabe batek gizartean baztertua izateko arrisku handiagoa duela. Beraz, ez da harritzekoa artatutako populazioan kalteberatasun handieneko taldea 40 urtetik beherako batez besteko adina dutenena izatea.

Talde bereziei dagokienez, ikusten da kalteberatasun maila txikiagoa dutela “adinekoek” eta “desgaitasunak” dauzkatenek, artatutako gainerako populazioarekin konparatuta. “Desgaitasunak” dituzten pertsonen taldean ikusten da gehienak adin altukoak direla eta desgaitasuna gerora sortua dela. Kopururik altueneko bi taldeetan, “bazterketa eta pobrezia arriskua” izan eta “immigrante eta errefuxiatuak” direnenean, kalteberatasunaren batez besteko adierazlea antzerakoa dela eta kalteberatasun “nabarmena” dutenen taldean daudela bi taldeak. “Etxerik gabeen” taldeak du emakumerik gutxien, baina talde horretan dauden emakumeek dute kalteberatasun mailarik altuena. Aztertutako talde guztiek dute estatuko korrelatuak baino batez besteko kalteberatasun maila txikiagoa.

Umeen taldeari buruzko ondorio nagusienak

Ondorio hauek Bizkaiko Gurutze Gorriaren gizartean esku hartzeko arloetan arreta jaso zuten 165 adingaberen datuak harturik egin dira.

2014an artatutako adingabearen batez besteko profila honelakoa da: nerabezaro aurreko 11 urte ingurukoa (neska zein mutil izateko aukera berdina), estatukoa, baina atzerrikoa denean, Latinoamerikako herrialderen batekoa da. Kalteberatasuna esparru bakarra du, baina aukera handiagoa du gizarte mailakoa edo ekonomikokoa izatekoa.

2015ean artatutako adingabearen batez besteko profila nerabezaro aurreko 10 urteko mutilarena da. Bertokoa da, baina atzerritarra izanez gero, Magrebeko herrialderen batekoa da jatorriz. Kalteberatasun esparru bakarra du: ekonomikoa.

Bizkaian artatutako adingabeen taldeak bi berezitasun ditu: arrisku kategorietan dagoen banaketa oso desberdina da: Estatuan kategoria maizena “altua” da, eta probintzian ia ez dago “muturrekoan” dagoenik. Bigarren desberdintasuna: Bizkaian, Kalteberatasun Globaleko Adierazle altuagoa dago nesken artean mutilen artean baino, estatuan gertatzen denaren kontrara.
 

16/03/2018 - Presentación del segundo informe sobre la vulnerabilidad social en Bizkaia