Web gune honek bere cookiak eta bitartekoenak erabiltzen ditu zure nabigazioa optimizatzeko, zure lehentasunetara egokitzeko eta jarduera analitikoak egiteko. Nabigatzen jarraitu ez gero, gure Cookien Politika onartzen duzu.

Onartu
2021eko otsailak 11Bilboko Campusa

Andrea Khalfaoui Deustuko ikertzailea, Euskadin doktoratu den ijito etniako lehen emakume unibertsitarioa

Andrea Khalfaoui Hezkuntza doktorego programako kideak doktore tesiaren defentsa egin du: "Claves para la convivencia intercultural en educación infantil. Un estudio de caso" , horrela, Euskadin doktoretza lortu duen ijito etniako lehen emakume unibertsitarioa da. Lourdes Villardonek eta Rocío García Carrionek zuzendutako ikerketa honek, konplexutasun handiko testuinguruan kokatutako Euskal Herriko eskola batean, ijitoen eta etorkinen arteko elkarbizitza bikaina bultzatzen duten alderdiak aztertzen ditu. Ikerketak nazioarteko doktoretza aipamena du, eta helburu du eskolan aniztasun handiagoa izateak gatazka gehiago eta bizikidetza okerragoa dakarrela dioen aurreiritzia ezabatzea.

Zehazki, ikasgela antolatzeko modu bat aztertzen du tesiak, eta horrek erakutsi du eragin positiboa duela ikasleen arrakasta akademikoan eta sozialean munduko 7.000 eskola baino gehiagotan, "Talde interaktiboak" izenekoan. Gela horietan, ikasleek talde txiki heterogeneoetan egiten dute lan, pertsona heldu boluntario batek dinamizatuta. Lehen eta Bigarren Hezkuntzan antolaketa modu honek funtzionatzen duela jakina bazen ere, tesiak ekarpen berri bat egiten du Haur Hezkuntzan, ijitoen eta etorkinen artean. Bere lanarekin, Andrea Khalfaouik erakutsi du posible dela lehen adinetatik laguntza eta elkartasun harremanak sustatzea, indarkeriarik gabeko espazioek sortzen laguntzen dutenak.

Bestalde, tesiak eskolaren (irakasleak) eta familia ahulen arteko harreman moduak identifikatu ditu, familia horiek ikastetxearen bizitzan modu eraginkorrean parte hartzea errazten dutenak, ijito edo etorkin familiek seme alaben heziketaz interesik ez dutela dioen aurreiritzia gainditzen lagunduz. Ildo horretan, azterlanak funtsezko hiru ezaugarri identifikatzen ditu, familia horiek eskolako bizitzan parte hartzea errazten dutenak. Lehenik eta behin, konfiantza, eskolaren eta familien arteko harremanen oinarri gisa; bigarrenik, berdintasunezko elkarrizketa, komunikatzeko funtsezko tresna gisa; eta, hirugarrenik, guztiontzako ahalik eta hezkuntza onena eskaintzeko helburu partekatua izatea.

Ikerketaren emaitzak eragin zientifiko handiko aldizkarietan (JCR eta Scopus) eta sarbide irekian argitaratu dira:

Khalfaoui, A., García-Carrión, R, Villardón-Gallego, L., Duque, E. (2020). Help and Solidarity Interactions in Interactive Groups : A Case Study with Roma and. Social Sciences, 9(7), 116.
Khalfaoui, A., García-Carrión, R., & Villardón-Gallego, L. (2020a). A Systematic Review of the Literature on Aspects Affecting Positive Classroom Climate in Multicultural Early Childhood Education. Early Childhood Education Journal, (0123456789). 
Khalfaoui, A., García-Carrión, R., & Villardón-Gallego, L. (2020b). Bridging the gap: engaging Roma and migrant families in early childhood education through trust-based relationships. European Early Childhood Education Research Journal, 28(5), 701–711

Doktoretza tesiak Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan du, doktoreak ez diren ikertzaileak prestatzeko doktoratu aurreko programaren deialdiaren bidez (2017). Doktoretza aurreko prestakuntzan, Andrea Khalfaouik hiru hilabeteko ikerketa egonaldia egin zuen Moray House School of Education and Sport unibertsitatean (University of Edinburgh). Andrearen tesiak kalifikazio gorena lortu du (Bikain Cum Laude) eta Cambridgeko Unibertsitateko Neil Mercer irakasle emeritua izan zuen epaimahaiko kide.

Lan-ildo honetako ikertzaileek harreman eta lankidetza estua dute Kale Dor Kayiko elkartearekin. Elkarte horretako kide batzuk joan den 2020ko urriaren 28an Deustuko Unibertsitatean egindako tesiaren defentsa ekitaldian izan ziren.

Andrea Khalfaoui Larrañaga Deustuko Unibertsitateko Psikologia eta Hezkuntza Fakultateko eDucaR taldeko ikertzailea da. Gaur egun, taldearen ildoetako batean dihardu lanean, talde ahulenen hezkuntza inklusioan aurrera egiten dutela erakusten duten jarduera arrakastatsuak ikertzen. Ijito eta arabiar familia izanik, Andreak talde ahulekin duen konpromisoak bere ikerketa bokazioa areagotu dio, eta eragin sozialeko ekarpen zientifikoak egitera bultzatu du, haurren eta emakume ijitoen hezkuntza eta bizitza hobetzeko.